ESNATU DINAMIKA – PLAZAOLA PARTZUERGO TURISTIKOA

2026.04.16 | Noticias

ESNATU DINAMIKA

Plazaola Partzuergo Turistikoak bat egiten du ESNATU dinamikarekin. Apirilaren 14an, Orion aurkeztutako ESNATU dinamikan parte hartu zuen Partzuergoak, euskararen egoera iraultzeko arduratik sortutako ekimenean, hainbat eragileren laguntzarekin. Era guztietako eragileak ahalduntzea eta eremu euskaldunek bizirik iraun dezaten eragileen konpromisoak sustatzea da ekimenaren asmoa.

Zentzu honetan, Plazaolak 3 konpromiso ezberdin hartzen ditu:

  • Euskarari buruzko atal propioa sortzea webgunean (plazaola.eus).
  • Turismo bulegoko bisitarien artean euskarazko hiztegi bat banatzea.
  • Partzuergoko bazkideen artean euskararen erabilera handiagoa sustatzea.

UEMA

1991ko maiatzaren 5ean sortu zuten UEMA, 19 udalek, Aizarnazabalen egindako batzarrean. Harrezkero, Euskal Herri euskaldun baten alde lanean ari den erakunde publikoa da Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea. Tamainaz zein izaeraz askotarikoak dira mankomunitatea osatzen duten udalak, baina guztiek badute elkartzen dituen zerbait: udalerri euskaldunak dira guztiak. Zehazki, UEMAko kide diren herri guztietan, biztanleen %70etik gora euskalduna da.

Hasierako 19 udal horiek 120 dira gaur egun. Herri txikiak ez ezik tartean dira Zarautz, Hernani, Tolosa, Bergara, Bermeo, Hondarribia, Azpeitia edo Oñati bezalakoak ere. Guztien artean, zehazki, 355.000 biztanleko lurgunea osatzen dute UEMAn dauden udalerri euskaldunek, eta lurgune honek euskararentzat duen funtzio estrategikoa ikusarazten ere lagundu du UEMAk, euskararen arnasguneak babestuz eta sendotuz.

Arnasguneen garrantzia ikusaraztea eta aitortzea, zehazki, UEMAren oinarrietako bat da. Urte askoan egindako lanak eman du uzta, eta gaur egun euskalgintzak ez ezik erakunde publikoek ere bat egiten dute UEMArekin, arnasguneak euskararen biziberritzean giltzarriak direla nabarmenduz.